Entre manos

Denok gara bertakoak: Harrera komunitatea eraikitzeko abiapuntu denean

Argazkia: Eako Munduko Janariak Eguna / Egilea: Busturialdeako Hitza

Gero eta udalerri eta komunitate gehiagok egiten diote aurre galdera berari: nola egin harrera gure herrira iristen diren pertsona berriei? Farapin uste dugu harrera ez dela bizileku berrira iristean egiten den lehen ekintza edo une puntual bat. Harrera komunitatea eta herrigintza eraikitzeko lehen urratsetako bat da; eta, horregatik, epe luzeko begirada, zaintza eta elkarrekiko aitortza eskatzen ditu.

Baina nondik egiten dugu harrera? Asimilaziotik, pertsona berriei dagoeneko badagoen horretara egokitzea eskatuz? Edo kulturartekotasun kritikotik, aniztasunak komunitatea bera ere eraldatzeko aukera eskaintzen duela ulertuz? Harrera eta kulturarteko elkarbizitza ez dira gauza bera, baina askotan elkarren eskutik doaz. Elkarbizitza eraikitzeko elkarrizketa erreal bat behar da, eta horrek esan nahi du dauden asimetria, diskriminazio eta botere-harremanak agerian uztea, baita norberaren pribilegioak eta ardurak aitortzea ere.

 

Katherine Walshek gogorarazten digun bezala, «kulturartekotasuna ez da desberdintasunen arteko topaketa neutro bat, harreman horietan dauden botere-harremanak eraldatzeko aukera baizik».

 

Bidelagundu ditugun prozesu parte-hartzaileetan ikusi dugu ez dagoela formula magikorik. Herri eta testuinguru bakoitzak bere bidea aurkitu behar du, baina biderik emankorrena elkarrekin eraikitzen dena izaten da. Komunitateek espazio kolektiboak behar dituzte erronka berriak nabigatzeko, galdera konplexuak egiteko eta erantzunak elkarrekin bilatzeko. Eraikitze horretan bertan txertatu behar da kulturarteko begirada: noren ahotsa entzuten dugun, nor geratzen den kanpoan eta zer baldintza sortzen ditugun pertsona guztiek parte hartu ahal izan dezaten.

Izan ere, harrera ez da soilik zer eskaintzen dugun, elkarrekin nola eraikitzen dugun baizik. Prozesu parte-hartzaileetan horrek baditu erronka oso zehatzak: partaideen mapatzea aurretik egitea, ohiko espazio eta sareetara iristen ez diren pertsonengana iristeko; komunikazioa eta hizkuntzen kudeaketa aldez aurretik planifikatzea; parte hartzeko modu, erritmo eta denbora ezberdinak kontuan hartzea; eta, kulturartekotasunarekin lotutako ekimenak antolatzerakoan, komunitatearekin batera adostutako irizpideetatik abiatzea.

Azken batean, harrera komunitatetik eta elkarbizitzatik eraiki behar da. Herria elkartrukerako eta elkar ulertzeko gunea izan daiteke, aniztasuna arazo gisa baino, komunitatea aberasteko eta eraldatzeko aukera gisa ulertzen duena.

 

«Harrera herria elkartrukerako eta elkar ulertzeko gunea da, aniztasuna balioan jartzen duena».

(Ean Harrera eta Elkarbizitza birpentsatzen prozesuko partaidea)

 

Eta agian hor dago gakoa: harrera ez da norbait komunitate batera sartzea bakarrik; komunitatea bera elkarrekin berrasmatzeko prozesua ere bada.

Ezagutu halako prozesu batzuk:

Eako herrian harrera eta kulturarteko elkarbizitza indartzeko prozesu parte-hartzailea

Ean, harrera eta kulturarteko elkarbizitza indartzeko prozesu parte-hartzailea garatu dute Farapiren bidelaguntzarekin, herrira iristen diren pertsonen harrera hobetzeko eta aniztasuna komunitatearen aberastasun gisa balioan jarriko duen elkarbizitza eredua eraikitzeko.

Kulturarteko elkarbizitzarako Errenteriako II. Plan Estrategikoaren diseinuan bidelaguntza

Errenteriako komunitate-bizikidetza eta lankidetza sailak 2019-2023 epealdiko Aniztasunean oinarritutako herritar bizikidetzarentzako Plan Estrategikoa ebaluatu eta jarraipena emango zion plan berria diseinatu nahi zuten. Farapitik, hausnarketa partekaturako prozesu bat bideratu genuen, egoerara egokitzeko gaitasunean, ebaluazio kritiko eta eraikitzailean eta sormenean oinarrituta.