Argazkia: Kronika.eus
Auzoko espazioen etorkizunari buruz elkarrekin erabakitzeko partaidetza prozesua abiatu dute Ereñotzuko Auzo Udalak eta Olak auzo elkarteak, Farapiren bidelaguntzarekin.
Zein espazio behar ditu Ereñotzuk? Zertarako erabili nahiko lituzkete herritarrek? Zer egin daiteke gaur egun dituztenekin? Horren inguruan hausnartuko dute Biziberritu deituriko prozesuan. Izan ere, Ereñotzun hainbat espazio, eraikin eta azpiegitura daude, egoera eta erabilera ezberdinetan: erortzeko arriskuan daudenak, jabetza ezberdinak dituztenak, erabilera argirik ez dutenak edo funtzionalitate berriak izan ditzaketenak. Gainera, espazio berriak bereganatzeko aukerak ere sortu dira.
“Uste dugu espazioak auzoa bizitzeko, elkartzeko eta komunitatea eraikitzeko guneak direla”, diote antolatzaileek. Horregatik, Ereñotzuko espazioekin zer eta nola egin nahi den elkarrekin gogoetatzea da proposamena. Zehazki, ondorengo eraikinen inguruan zentratuko da hausnarketa: zentrala, denda, taberna, garajea, auzo udala, Latxeko fabrika, Goikoetxe eta eskola.
Osotara, hiru saio ireki egingo dira, Farapiren dinamizazioarekin, eta aurrenekoa urriaren 24an izango da, goizeko 10:30etatik 12:30etara, Auzo Udalean. Toki eta ordutegi berean izango dira beste biak ere, azaroaren 21ean eta abenduaren 12an. Saio batetik bestera, prozesuaren talde eragileak egingo du lanketa, aurreko saioan jasotako ekarpen, ideia eta proposamenekin.
Saioak ereñotzuar guztientzat zabalik daude, anima zaitez!
Gehiago jakiteko, irakurri Kronikak argitaratu duen elkarrizketa.


