Haurren eskubideez ari garenean, elikadura, etxebizitza, eskola… horrelakoak etorriko zaizkigu burura, eta agian, jolasaz eta harreman osasuntsuez ere gogoratuko gara. Baina haurren partaidetzarako eskubidearen inguruan pentsatu al dugu noizbait? Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna den honetan, horren inguruko gogoeta batzuk ekarri nahi izan ditugu.
Helduok eta helduontzat sortutako mundu batean bizi gara. Egitura politiko, sozial eta ekonomikoen kontrola dugu, eta horietan era justu eta demokratikoan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Baina haurrek zertan hartzen dute parte? Zeintzuk dira haien partaidetzarako moduak? Haiengan eragin zuzena duten zein erabakitan har dezakete parte?
Farapin urteak daramatzagu haurren partaidetza prozesuak sustatzen, baita beste partaidetza prozesu batzuetan haurren begirada eta bizipenak berariaz edo zeharka lantzen ere. Prozesuei denbora eskaintzen zaienean eta haurren kultura kontuan hartzen denean, erabaki koherenteak hartzen dituzte, elkarrekiko enpatia lantzen dute, elkarlanean aritzen dira eta helduoi bururatuko ez litzaizkigukeen soluzio irudimentsuak plazaratzen dituzte. Politika publikoetan, herrigintzan, espazioen diseinuan… argi dugu haurren proposamenak aintzat hartzen ditugunean eta haien ideiak garatzen laguntzen diegunean, gizarte guztiak irabazten duela.
Ibilbide honetan asko ikasi dugu haurrei esker: zalantzan jartzen duten horrekin, aspertzen dituen horrekin, ilusioz betetzen duten horrekin. Haien artean dagoen aniztasuna ulertzen joan gara, eta bakoitzaren interesak eta gogoak prozesuetan integratzeko moduak diseinatzeko ahalegina egin dugu.
Begirada helduzentrista gainditu eta haurren parte hartzeko kode eta kulturara gerturatzeko ibilbidean jarraitzen dugu. Eraldaketa soziala eta ahalduntzea bilatzen duen partaidetza sustatzen dugu, eta horretarako, haurrekin lan egiteko moduak eta metodologiak etengabe birpentsatu eta berriekin esperimentatzen dugu.
Azken urte honetan, haurren partaidetzan erreferente den Oinherrirekin elkarlanean aritzeko aukera izan dugu, eta asko ikasten ari gara haiekin. Haurren partaidetza-kanal iraunkorra hobeto ezagutzeko aukera izan dugu, baita haurrekin lan egiteko begiraden eta metodologien inguruko elkartruke aberatsak egiteko ere. Elkarlan honen emaitza haurren partaidetza sustatzeko gida batean jasoko dugu, haurrekin partaidetza sustatu nahi duen edozein eragileren eskura jarriko duguna.
Amaitzeko, Haurren Eskubideen Eguna aldarrikatzen dugun honetan, mundu helduzentrista batean haurren partaidetza sustatzeak zer esan nahi duen gogoetatzera gonbidatu nahi zaituztegu. Eta inspirazio gisa, Tonucciren esaldi honekin agurtzen gara:
«Helduek asko hitz egiten dute, baina ez dute benetako borondaterik; haurrak dira benetako aldaketa».
Bidelagundu ditugun haurren partaidetza prozesu batzuk:

Auzoko ahotsak! Donostiako Ekialdeko Barrutiko haurren parte-hartze foroa
Donostiako Ekialdeko Barrutiko auzoetako haurren parte hartzea sustatzeko foro batzuk sortzeko prozesua martxan jarri zen 2023an, Farapi Kooperatibaren bidelaguntzarekin. Ondoren, haurren proposamenetatik abiatutako lanketak egin dira urtez urte, Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko ikastetxe ezberdinetako haur eta nerabe ordezkariekin.

IRUNBIXI, Irungo Haur eta Nerabeen Parte-hartze Foroa
Irungo haur eta nerabeek haien hirian parte hartzeko eta eragiteko duten ahalmena bultzatzea izan da IRUNBIXI Foroaren helburua. Horretarako, gaikako lanketak egin dituzte adin txikikoek, eta gaien aukeraketa haiek egin zuten, partaidetza metodologien bitartez. Xedea haien interesa piztea izan da, gustuko zituzten gaiak baliatuta.

Haur eta nerabeen parte hartzerako udal sistemaren sorrera Pasaian
Pasaiako haurrek eta nerabeek hausnarketak eta proposamenak egiteko, lehentasunak zehazteko eta alderdi ugaritan erabakiak hartzeko eta parte hartzeko aukera ematen dien sistema bat abian jarri eta sendotzen aritu zen Farapi hainbat urtez.

