Egindako Lanak

Sukalde komunitarioetan irisgarritasun irizpideak adosten

LABURREAN:

Proiektuaren izena: Sukalde komunitarioetan irisgarritasun irizpideak adosten

Norekin elkarlanean: Basajaun elkartea

Proiektuaren urtea: 2024-2025

Basajaun elkartea 2022ko maiatzean sortu zen, herritarrei elikagai ekologikoak eta tokikoak kontsumitzea errazteko bideak sortzeko, baztertuak izateko arriskuan dauden kolektiboei elikagaiak modu ekitatiboan banatzeko eta komunitatea elikagaiekin ahalduntzeko. Hala, banaketa nodo ezberdinak dituen sukalde komunitarioa sortu zen Donostialdean.

2024an elikadura burujabetzaren irisgarritasunari buruzko hausnarketa bat hasi zen eta Farapik dinamizatutako prozesu parte-hartzaile bat aurrera eramatea erabaki zen, proiekturako irisgarritasun sistema bat diseinatu eta adosteko.

Zehazki, sukaldeko menuetara irisgarritasuna bermatzeko irizpideak adosteko prozesu kolektiboa abiatu nahi izan da. Kolektibo, bizitza unitate edo pertsona bakoitzak, bere gaitasun ekonomikoa dena delakoa izanda menuetara sarbidea izatea da helburua. Elikadura osasungarria, lokala eta ekonomikoa eskubide unibertsala delako ideiatik abiatuta, eskubide hori eraginkor eta erreal bihurtzeko mekanismoak sortu behar dira.

Egiteko modu berri horiek elkarlanean pentsatu eta erabaki behar dira, eta horregatik planteatu zen parte-hartze prozesu hau. Parte-hartzaileagoak izateko moduak integratzeko eta Basajaunen eta bere sarean elkarrizketa, lankidetza eta kultura parte-hartzailea sustatuko duten teknikak prestatzeko ere balio izan du.

Horretarako, 4 saio parte-hartzaile egin dira, prozesurako osatutako Talde Eragilearekin. Talde hau elkarteko nodo ezberdinek eta sukaldeko kideen ordezkariek osatu dute. Prozesuaren emaitza gisa, irisgarritasun-sistema bat diseinatu da, jarduera-protokolo batekin eta balorazio-sistema batekin.

Prozesua irudietan: