
LABURREAN:
Proiektuaren izena: Villabonako zaintza sistemaren herri-diagnostikoa
Norekin elkarlanean: Villabonako Udala eta Berdintasunean Ados! taldea
Proiektuaren urtea: 2024-2025
Villabonako Udalarekin eta Berdintasunean Ados! lan taldearekin elkarlanean, zaintza sistemaren herri-diagnostiko parte-hartzailea garatu dugu, zaintzaren krisiari ikuspegi feministatik eta kolektibotik heltzeko asmoz.
Diagnostikoa zaintzaren marko zabaletik abiatu da, krisia bere osotasunean ulertzeko beharra azpimarratuz. Epe luzeko begirada estrategikoa izan dugu uneoro presente, erroetara joateko eta etorkizuneko eraldaketarako gakoak identifikatzeko. Aldi berean, eguneroko egoera premiazkoei ere arreta berezia jarri zaie.
Prozesu parte-hartzailearen bidez, herrian zaintza lanetan (formalak zein informalak) dabiltzan emakume eta eragileen ahotsak erdigunean jarri dira. Haien lan eta bizi baldintzak aztertu dira, baita herrian dauden zerbitzu eta espazioen egokitasuna ere, zaintza beharrizan errealei nola erantzuten dieten baloratzeko. Helburua ez da soilik egoeraren argazkia egitea izan, baizik eta egoera hobetzeko gakoak identifikatzea.
Metodologiari dagokionez, hainbat tresna erabili dira: talde elkarrizketak, foto-ahotsa eta bestelako dinamika parte-hartzaileak, ezagutza kolektiboa eraikitzeko. Prozesuak, gainera, zaintza lanen ikusgarritasuna, herri-aitortza eta zaintzarekiko ardura kolektiboa indartzea izan du xede, etorkizunean zaintza sistema zabalago, bidezkoago eta jasangarriago bat eraikitzeko lehen lan-ildoak marrazteko abiapuntu gisa.
