Entre manos

Erakunde feminizatua ez da, nahitaez, erakunde feminista

Gero eta erakunde gehiagok egiten dugu gure jardunean ikuspegi feminista txertatzearen aldeko apustua. Baina, askotan, kanpora begirako jardueran zentratu baino gehiago eskatzen duen galdera bati egin behar diogu aurre: Zer gertatzen da erakundearen barruan? Zein modutan antolatzen gara, nola hartzen ditugu erabakiak, nola banatzen ditugu ardurak, zer baloratzen dugu eta nolako lan-kultura sortzen dugu?

Galdera horiek bereziki interesgarriak dira erakunde feminizatuetan, hau da, langileen gehiengoa edo osotasuna emakumeek osatzen dutenetan. Izan ere, askotan pentsa dezakegu emakumez osatutako erakunde batean dinamika patriarkalak gaindituta egongo direla. Baina erakunde feminizatua izateak ez du, berez, esan nahi erakundeak ikuspegi feministatik jarduten duenik.

Azken batean, guztiok hazi eta hezi gara gizarte patriarkal batean, eta gizarte horretan ikasitako balio, rol, harreman eta egiteko moduak lantokira ere eraman ditzakegu, konturatu gabe bada ere. Horregatik, erakunde feminista baterantz abiatzea ez da soilik emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzea. Antolakuntzaren egiturak, kulturak, botere-harremanek, zaintzek, erabakiak hartzeko moduek eta eguneroko praktikek ere ikuspegi feminista behar dute.

Horrek barne-koherentzia lantzeko beharra planteatzen du: erakunde batek gizarteari proposatzen dion aldaketa bere eguneroko jardunean ere islatu behar du. Ikuspegi feminista, beraz, ez da dokumentu edo politika jakin batera mugatu behar; erakundearen funtzionamenduaren parte izan behar du.

Zaintzak eta lan ikusezinak

Ikuspegi horretatik, ekonomia feministak ekarpen interesgarria egiten du, sistema ekonomikoaren eta antolakuntzaren logikak ikuspegi kritikotik aztertzen dituelako. Eredu produktibista batean, enplegua, errentagarritasuna eta ekoizpena lehenesteko joera dago, eta zaintza, bizitza pertsonala eta komunitatea bigarren mailan gera daitezke. Ekonomia feministak, aldiz, bizitza erdigunean jartzea proposatzen du.

Ideia horrek zuzenean eragiten du erakundeak ulertzeko dugun moduan. Pertsonak ez dira “langileak” soilik, eta ezin dugu haien bizitza erakundearen atarian utzi. Zaintza, harreman pertsonalak, osasuna, bizitzako une desberdinak edo bestelako erantzukizunak ez dira lanaren kanpoko elementuak; erakundeen jasangarritasunarekin lotuta daude.

Horren barruan kokatzen da bizigarritasunaren ideia: erakundeak ez dira soilik lan egiteko espazioak izan behar, baizik eta pertsonak eta proiektuak epe luzera sostengatzeko moduko espazioak. Horrek esan nahi du proiektuaren, lan-taldearen eta pertsonen beharrak elkarren aurka jarri beharrean, haien arteko oreka bilatu behar dela.

Horregatik, zaintza ez litzateke pertsona bakoitzaren arazo partikular gisa ulertu behar. Erakundeak ere badu erantzukizuna zaintza-baldintza egokiak sortzeko, eta horrek lanaren antolakuntza bera berrikustea eskatzen du: Nola banatzen dira ardurak? Zer malgutasun dago? Zer gertatzen da pertsona batek bere bizitzan aldaketa edo behar berezi bat duenean? Eta zer lan dira ikusezinak?

Azken galdera hori bereziki garrantzitsua da. Erakundeetan badira formalki aitortzen ez diren hainbat zeregin: koordinazioa, taldearen kohesioa zaintzea, giroari erreparatzea, gatazkak kudeatzea, beste pertsonak sostengatzea edo eguneroko funtzionamenduari eustea. Lan horiek ezinbestekoak dira, baina askotan ez dira modu berean aitortzen edo baloratzen.

Horregatik, ikuspegi feministak lanaren banaketa eta aitortza ere berrikustea proposatzen du. Zer lan hartzen dugu benetako lantzat? Zein ekarpen aitortzen ditugu? Eta zein lani ez diegu merezi duen balioa ematen?

Botere-dinamikak eta antolakuntza-kultura

Aipatu dugun moduan, ikuspegi feminista txertatzeak  erakundearen kultura eta botere-harremanak aztertzea ere esan nahi du. Erakunde baten kultura ez da soilik idatzita dauden balioetan edo organigraman agertzen dena. Eguneroko harremanetan, lidergo-moduetan, komunikazioan, gatazken kudeaketan eta erabakiak hartzeko moduan ere eraikitzen da.

Horregatik, horizontaltasuna ez da soilik hierarkia formalik ez izatea. Erakunde batean boterea harreman informaletan ere banatzen da: Nork du informaziorako sarbidea? Noren iritzia hartzen da kontuan? Nori aitortzen zaio autoritatea? Nork hartzen ditu erabakiak, formalki ez bada ere?

Galdera horiek egitea ez da erakundearen funtzionamenduaren aurkako kritika bat, baizik eta erakundea nola funtzionatzen ari den ulertzeko ariketa. Izan ere, batzuetan egitura formalak horizontalak izan daitezke, baina eguneroko praktikek bestelako hierarkiak edo desorekak sortzen dituzte.

Horrek erabakiak hartzeko moduei ere eragiten die. Ikuspegi feministatik, garrantzitsua da erabaki estrategikoetan genero-ikuspegia txertatzea, baina baita erabaki horiek nola hartzen diren aztertzea ere: nork parte hartzen duen, nola banatzen den ardura eta zer mekanismo dauden desadostasunei edo gatazkei heltzeko.

Era berean, ez da nahikoa printzipio feminista batzuk hitzez adieraztea. Horiek denboran, baliabideetan, aurrekontuetan eta arduretan islatu behar dira. Bestela, ikuspegi feminista pertsona edo talde jakin baten gain geratzeko arriskua dago, eta ez da benetan zeharkako ikuspegia izango.

Horregatik, erakunde feminista baten eraikuntzan komunikazioa eta ikaskuntza ere garrantzitsuak dira. Bere burua aztertzeko, zalantzan jartzeko eta behar denean aldatzeko gaitasuna behar du erakundeak.

Desikasi, berriz ikasten hasteko

Ikuspegi feminista txertatzen hasteko lehenengo urratsa honakoa da: norberaren antolakuntza begiratzea eta zalantzan jartzea. Ez pentsatzea dinamika patriarkalak beti beste erakunde batzuetan ematen direla, edo emakumez osatutako talde batean egoteak eraldaketa-lana eginda dagoela esan nahi duela.

Beraz, honako galderak egiten hasi gaitezke gure erakundean: Zer nolako logikak ari gara erreproduzitzen? Nola banatzen ditugu ardurak? Zeri ematen diogu balioa eta zer uzten dugu ikusezin? Nola eragiten dute gure lan egiteko moduek pertsonen bizitzan? Nork eta nola hartzen ditu erabakiak? Eta, batez ere, nolako erakundea eraiki nahi dugu gure eguneroko praktikekin?

Galdera horiek egitearen helburua ez da erabateko erantzunak bilatzea, ikuspegi kritikoa piztea baizik. Erakundeok ere badugu ikasteko eta akatsak egiteko aukera, eta baita gure ahulguneak identifikatzeko eta aldatzeko gaitasuna ere. Eta horretan hasiz gero, zin dagizuegu: ez dago atzera bueltarik. Batzuetan bidea maldatsua izan daiteke, baina, behin begirada aldatzen hasita, engantxatu egiten du!

Bitartean Jolasean elkartearen prozesua

Honen guztiaren adibide ederra da Arabako Errioxako Bitartean Jolasean elkarteak egin duen prozesua. Nahiz eta emakumez soilik osatutako elkartea izan, argi zuten oraindik bazutela ikuspegi feminista lantzeko bidea. Horregatik, Farapiren bidelaguntzarekin, erakundearen egiteko moduak aztertzeko eta eraldatzeko prozesu bati ekin zioten.

Prozesuan zehar, haien lan egiteko moduak aztertu dituzte, zer nolako antolakuntza-kultura nahi duten hausnartu eta adostu dute, eta, horren guztiaren ondorioz, ekintza-plan bat osatu dute, lantalde osoaren partaidetzarekin. Prozesuak, beraz, ez du soilik erakundea nolakoa den aztertzeko balio izan, baizik eta nolakoa izan nahi duten elkarrekin pentsatzeko eta hori lortzeko konpromiso zehatzak adosteko ere.

Horrelako prozesuek erakusten dute ikuspegi feminista txertatzea ez dela behin egiten den ariketa bat, ezta erakundearen kanpo-jardueratik bereiz daitekeen zerbait ere. Eguneroko egiteko moduak berrikustea, zalantzan jartzea eta behar denean aldatzea eskatzen du, eta, horretarako, ezinbestekoa da lantalde osoaren inplikazioa.

Prozesu hori eLankidetzaren diru-laguntzari esker egin ahal izan dute. Prozesutik eratorritako ekintza plana hemen irakur daiteke: Haziak ereiten, elkarrekin loratzeko: genero-ekitatearen bidean egindako prozesua.

Inspiraziorako baliabide batzuk

Bide honetan ez gara hutsetik hasi behar. Asko dira erakundeetan ikuspegi feminista txertatzeko lanketak egiten ari direnak, eta badira prozesu horiek abiatzeko hainbat esperientzia, tresna eta baliabide. Hemen horietako batzuk jaso ditugu, hausnarketatik praktikara igarotzen laguntzeko:

Horrez gain, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat badira prozesu hauek bideratzeko laguntza publikoak ere. Esaterako, eLankidetzak (Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak) ekitatearen aldeko antolaketa-eraldaketako prozesuak laguntzeko diru-laguntzak eskaintzen ditu, diagnostikotik ekintza-planen inplementaziora eta ebaluaziora arteko faseak barne.

Zure erakundean halako prozesuren bat abiatu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan.