Farapin “Eskualdea barnetik elikatzen: Goierri eta Urola Garaiko tokiko produktuen ekoizpena maximizatzen” proiektuaren genero inpaktua neurtzen ari gara. Goimen, Goieki, Uggasa eta Biziolaren artean garatzen ari den proiektua da, eta helburu nagusia ekoizleen arteko antolakuntza eta lankidetzaren bitartez, tokiko ekoizpen primarioa maximizatzea da. Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz – Misioak 2025: elikadura jasangarria eta mugikortasun berrira bideratutako proiektu berritzaileak diru-laguntzaren baitan finantziatutako proiektua da.
Bileren, elkarrizketa sakonen eta behaketen bitartez, proiektu hau barrutik ezagutzen ari gara, askotan ikusezin geratzen denari izena emateko. Kooperatiba gisa ditugun ideologiarekin eta balioekin zuzenean konektatzen da prozesua, eta horregatik, artikulu honen bidez, lan horren lehen hurbilketa bat partekatu nahi dugu.
“Guk irudimenerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Ez diogu imajinatzeari uko egin nahi, beste mundu posible batzuk desiragarri diren diskurtsoetan hartu nahi dugu parte. Desioaren politika berri bat nahi dugu; edozein gauza, edonoiz eta ahalik azkarren kontsumitzetik haratago joango den politika bat”.
Lurre(z)ko ahizpak, “Hermanas de tierra”. M8rako manifestua, María Sánchezek eta Lucía López Marcok idatzia, Leire Milikua eta Miren Amurizak itzulia, 2018an
Inoiz pentsatu al duzue nor dagoen zuen mahaira heltzen diren elikagaien atzean? Aurpegirik jartzen al dizkiozue? Nor irudikatzen duzue?
Farapin esku artean daukagun proiektu batean birekin egin dugu topo eta ez edozelako bi ekoizle. Bi emakume interesgarri, haien proiektuak aurrera eramaten ari direnak nekazaritza eta abeltzaintza munduetan.

NATA
“Gaizki ohituta gaude urte osoan dena edukitzeaz. Inguruan dagoena estimatzen ikasi behar da. ABC aukeretatik atera, hemen era guztietako barazkiak ditugu eta”
Duela bi urte martxan jarri zuen bere proiektua: Sustrai askeak. Nekazaritza bere biziko ametsa izan da: 15 urtez soldatapean ekoizpen desberdinetan lanean ibili ostean, duela 7 urte Euskal Herrian finkatu zuen bere baserria –hasieran autoprodukziora, lagun eta auzokideentzako bideratutako bizi-proiektu txiki batekin. Enpresara saltatu zuen Sustrai Askeak proiektuarekin modu ekologikoan lan eginez. Bere proiektuaz gain proiektu kolektiboari izugarrizko balorea ematen dio: Ekoizleen arteko harremanak sustatuz eta bere orduak kolektiboari emanez Goizane proiektua aurrera eramateko.
Lurraren denborak ezagutuz bere bizia lurrari eman dio –eta lurrak berari bizia eman dio. Natak milaka barazki daudela erakutsi digu, Euskal Herrian ekoitziak, garaian garaikoak. Begetariano izateko aukera zabala daukagu gure lurretatik. Bizitzarekiko eta gure ingurunearekiko bestelako ikuspuntu bat irekitzen du honek.
Modu berean Natak aldarrikatzen du lurra ekoizten dutenena dela — eta hauekiko sarbidea askoz errazagoa beharko litzatekeela.

AINTZANE
“Ni lehendakaria izango banintz, nire aurreneko kezka izango litzateke nire herritarrak jatekoa eukitzea”
Aintzanek abeltzaintza-proiektu finkatua dauka Argaia Goena baserrian. Familiako afizio bezala hasi zena bere bizitza-proiektu bilakatu du –ez bakarrik lana baizik eta bere familiaren bizi proiektua. Egunak ordu gutxiegi ditu Aintzanerentzat, baina argi du ordutegiak ez diola preso hartzen. Ilusioz hartzen ditu erronkak: 5 seme-alaba eta baserria.
Ama izatea bere aukera izanik, baserria izan aurretik buruan zeukan proiektua. Haurrei beste bizi eredu batean hezi zaie eta zoragarria izan da ikustea bere umeek daukaten ilusioa eta emozioa baserri-lanekin. Hondartza planak beharrean mendiko planak dira, bordan bazkaldu eta behien atzetik ibili. Bere senarrak eta Aintzanek emozioa haurrei pasatu die eta proiektuak badauka etorkizuna: alaba motibatua dago eta desiatzen du bere lana hori izatea.
NON KOKATZEN DA HAU?
Eskualdea barnetik elikatzen proiektuan ekoizpena maximizatu eta ekoizleen saretzearen helburuak erdiesteko, hainbat ildo lantzen dira: lehen sektoreko belaunaldi erreleboa sustatzea ikuspegi intersekzionalarekin; bertako produktuak eskualdeko jantoki, erakunde eta establezimendutan txertatzea; landa eremuko oinarrizko zerbitzuak bermatzea; eta, ezinbestean, generoa ardatz hartuta lan egitea.
Natak eta Aintzanek erakutsi diguten bezala, emakumeak ez daude landa eremuko marjinetan — muinean daude. Baina ikusgarri ez badira, egitura aldatzen ez bada, presentzia hutsak ez du asko aldatzen.
Farapitik proiektuaren genero inpaktua aztertzen ari gara, eta honek proiektu bereziekin topo egiteko aukera eman digu. Nata eta Aintzaneren proiektuez gain, Goizane eraldaketa gunea, lehengaien eraldaketa modu kolektiboan antolatzeko espazioa eta Baserritik Jantokira ekimena. Proiektu pilotua oraindik bere lehen pausuak ematen ari da baina tamaina ertaineko jangela bat elikadura-kate laburraren bidez hornitzea du helburu, honela eskualdeko jateko ohiturei buruzko hausnarketa zabalduz. Zer jaten dugu eta noiz?
Hasierako manifestuko hitzak berriro hartuz:
“Bizitzeko modu asko daudela aldarrikatzen dugu; ruralitate mota asko daudela, dialogatzen dutenak, ikasten dutenak, zaintzen dutenak, harrera egiten dutenak. Lurre(z)ko ahizpen territorioak, alegia; feminismoz eta aniztasunez beteak, agroekologiaz, herri zapalduekiko elkartasunez, memoriaz, interdependentziaz, elkarrekiko laguntzaz, itxaropenez eta alaitasunez.”
(Lurre(z)ko ahizpak, “Hermanas de tierra”. M8rako manifestua, María Sánchezek eta Lucía López Marcok idatzia, Leire Milikua eta Miren Amurizak itzulia, 2018an.)


