Eskuartean

Elhuyar Zientzia: Hedabide digital baten atzean dagoen barne-lana

Hedabide digital bat ez da diseinu eta garapen kontua bakarrik. Askotan, gakoa izaten da lan-taldearen arteko hausnarketa eta adostasuna: Zer nolako zientzia dibulgazioa egin nahi dugu? Zein helbururekin? Nola lan egin nahi dugu? Nola antolatuko dugu edukia? Eta lan-fluxuak? Lan-taldearen iritzi eta ahots guztiak jaso al ditugu webgunea osatzeko?

2025ean, Elhuyar Zientzia Unitateak bide horretan murgiltzea erabaki zuen, zientzia-dibulgazioa nola landu hausnartzeko asmoz. Horretarako, Farapi kooperatibarekin harremanetan jarri ziren, prozesu horretan bidelagun izan gintezen.

Gogoeta horrek, besteak beste, haien webgunea birpentsatzera eta diseinu berri bat garatzera eraman du. Baina aldaketa estetiko hutsa baino gehiago izan da: lan egiteko moduak ere berrantolatu dira, eta horrek barne-egiturak eta dinamikak egokitu beharra ekarri du.

Prozesuak fase eta zeregin ezberdinak izan ditu. Alde batetik, elkarrizketa sakonak egin ditugu lan-taldeko kideekin talde dinamika, erronkak eta beharrak sakonki ezagutzeko. Bestetik, Talde Eragile bat sortu dugu eta jarraipena egin dugu alor ezberdinetako ordezkariekin gai ezberdinak lantzeko: erantzun beharreko erronka sozialak, publiko helburua, web orri berriaren izaera eta ezaugarriak, negozio eredua, lan fluxuak… Azkenik, hausnarketa saio irekiak antolatuko ditugu lan talde guztiarekin, eta jarraipena eta koordinazioa landu ditugu taldeko arduradunekin.

Bide honetan emandako urratsak funtsezkoak izan dira Elhuyar Zientzia eraberritzeko. Farapiko kideok pozik gaude gure ekarpena egin ahal izan dugulako, eta are poz handiagoa ematen digu Interneten euskararen presentzia indartzen lagundu izanak.

Urriaren 7an, Usurbilgo egoitzara gerturatu ginen hedabidearen aurkezpenera. Emaitza ikusi nahi duzu? Hementxe duzu ikusgai: zientzia.eus

 

Eskerrik asko gonbidapenagatik, eta zorterik onena Elhuyar Zientzia-ri bide berri honetan!