Egindako Lanak

Jai feministak bultzatzeko aholkularitza

Zure herriko edo auzoko jaietan zaudenean, inoiz erreparatu al diozu ingurura? Nor dago bertan? Eta nor falta da? Nork antolatzen ditu festa horiek, eta zer nolako jarduerak eskaintzen dira?

Indarkeria matxistarik gabeko jaiak nahi ditugu, noski, baina hori izozmendiaren gailurra baino ez da. Jaiak feministak izan daitezen, beste hainbat konturi heldu behar diegu, betaurreko moreak jantzita.

Jaiak benetan feministak izatea nahi badugu, haien egitura bera zalantzan jarri eta eraldatu behar dugu. Ez da lan erraza; horregatik, pixkanaka, urratsez urrats egin beharreko prozesua da. Aldaketaz aldaketa, jaiak eraldatu ditzakegu.

ANTOLAKUNTZA BIRPENTSATZEA

Begirada zabaldu behar dugu, eta ikusten ez denari erreparatu. Jaiak hasi baino lehen, aurreprestaketa fase luze bat dago, eta bertan egiten denak eragin handia du festa egunetan. Hori dela eta, garrantzitsua da aztertzea zein pertsonak dauden antolakuntzan, zer nolako botere-harremanak ematen diren espazio horretan, nola hartzen diren erabakiak…

KONTZIENTZIA FEMINISTA PIZTEA

Jaiak antolatzeko garaian, ezinbestekoa da begirada eta kontzientzia feminista duen jendea egotea bertan. Bestela, oso erraza da inertziak eramatea eta betiko jaien logikan erortzea. Aldaketa kontzienteak egiten ez baditugu, ezin izango dira jai feministak eraiki. Ziurtatu behar dugu eskubide batzuk bermatuta egongo direla, eta horretarako mekanismoak eduki behar ditugu.

ERREFERENTEAK SORTZEA

Historikoki, antolakuntza eta musika esparruetan gizonak nagusitu dira, nahiz eta azken urteetan batzordeak gero eta feminizatuagoak izan. Hala ere, antolatzeko moduak eta irizpideak sarritan orain dela 30 urteko berberak dira. Erreferente berriak sortzea beharrezkoa da: musikari emakume gehiago, emakumezko epaimahaiak, kirol eta gastronomia ekintzetan partaidetza orekatuagoa… Aldaketak berez ez datoz; horregatik, parekidetasun kuotak eta ekintza berriak behar ditugu.

EGITARAUA ALDATZEA

Festaz festa, behin eta berriro jarduera berak ikusten ditugu. Erreferentzia eta eredu berriak ditugu programazioan, eta horretarako originaltasuna eta sormena behar dugu. Talde feministek, esaterako, haien ekintzak sartzen hasteak aldaketak ekarri zituen jaietan. Halako beste bultzadak behar ditugu, guztion gustuetarako ekintzak edukitzeko.

PARTAIDETZA BULTZATZEA

Norentzat antolatzen dira ekintzak? Nork parte hartzen du eta nork ez? Nork sentitzen du bere burua gonbidatuta? Partaidetza eredu berriak behar ditugu, emakumeek eta bestelako kolektibo disidenteek beren tokia sentituko duten espazioak sortuz. Adibidez, emakume helduen presentzia ia ez da nabaritzen jai giroetan; horretan ere erreparatu beharra dago.

ASPEKTU SINBOLIKOEI ERREPARATZEA

Jaiak sinbolismoz beteta daude. Zer balio eta eredu sustatzen dituzte sinbolo horiek? Oro har, gizontasuna eta maskulinitate tradizionala goraipatzen da. Nork botatzen du txupinazoa? Nork jasotzen eta banatzen ditu sariak? Garrantzitsua da sinbolismo horiek ere ikuspegi kritiko batetik aztertzea.

Zein herritan aritu gara?

Alardea

(Hondarribia eta Irun)

Altsasu

Altzaga

Anoeta

Arama

Barrika

Donostiako Ekialdeko Barrutia

Galdakao

Gorliz

Itsasondo

Markina

Oñati

Ordizia

Plentzia

Saiaz Mankomunitatea

Sopela

Tolosa

Urdiain

Usurbil

Zizurkil

Zer eskaintzen dugu Farapin?

Jai guztiek egitura bera dute kulturalki, baina eraldaketarako oso garrantzitsua da norberak bere bidea egitea, bere erritmoan. Prozesu egokitu eta parte-hartzaile bat egin ezean, zaila da herriak aldaketa horiek barneratzea eta bereganatzea.

Hona hemen Farapin egiten ditugun ekimenak jai feministen inguruan:

  • Prozesu parte-hartzaileak udalekin, jai batzordeekin edota bestelako eragileekin. Maila ezberdinetan egiten dugu hori: oso hastapenekoak, jarraipenekoak, eraldaketan sakontzeko…
  • Diagnostikoak eta analisiak: argudiategiak sortzeko, jaien egoera eta momentuko argazkia ikusteko…
  • Hitzaldiak eta sentsibilizazioa udalentzat, herritarrentzat edota eragileentzat.
  • Jaiak eraldatzeko tresnak: jaietarako gidak, protokoloak, argitalpenak…
  • Indarkeria protokolo komunitarioak jaien eremuan.
  • Behatokiak sortu (aukera ematen du jarraipenerako eta epe luzerako eraldaketa bermatzeko).
  • Bitartekaritza: Jaietako gatazkak eta korapiloak askatzeko prozesuak.
Ezagutu proiektuetako batzuk
Prozesuetan sortutako argitalpenak

Donostiako Ekialdeko Barrutiko jaietan indarkeria matxistei aurre egiteko estrategia: Jai batzordeentzako gida

Jaiak Berdinzaleago Bihurtzeko Gida (Tolosako jaien prozesu parte-hartzailean oinarrituta)

Gipuzkoako lurralde historikoko jaiei buruzko azterketa, generoaren ikuspegitik