Eskuartean

Juntura kooperatiba: “Arkitekturan lan egiteko beste eredu bat posible dela frogatu nahi dugu”

Junturako kideak, ezkerretik eskuinera: Gorka Segurola, Ana Almandoz, Edurne Izagirre, Michela Lamedica eta Nagore Goñi.

 

Juntura arkitektura espazioak eta prozesuak bideratzen dituen kooperatiba bat da. Aurten bost urte betetzen dira Juntura kooperatiba formalki sortu zenetik: 2020an sortu bazen ere, proiektua 2017an hasi zen, kideak autonomo gisa elkarlanean hasi zirenean.

Hasieran esparru anitzetan aritzen bazen ere, gaur egun batez ere espazio publikoetan jartzen du bere lanaren fokua; hala nola, kanpoko espazioetan (plazak, kaleak…) edota eraikin komunitarioak. Maila pribatuan, bereziki ondarearekin lotutako proiektuetan ari dira lanean (baserrien birgaitzean, esaterako).

Zer egiten duten bezain garrantzitsua da nola egiten duten. Junturaren egiteko moduak zerbitzuaren parte dira, helburua ez delako soilik emaitza, baizik eta prozesua bera ere. Horren harira, 2022. urtean barnera begirako prozesu luze bat abiatu zuen Farapiren bidelaguntzarekin.

Leire eta Nico farapitarrekin egindako saioetan, egindako ibilbidea aztertzen hasi ziren, eta barne-antolakuntzan hobetu beharreko eremuak identifikatu zituzten. Horiei erantzuteko, tresna eta neurriak garatu genituen elkarrekin, kooperatibaren bideragarritasuna eta taldearen kohesio eta bizigarritasuna lantzeko asmoz.

Prozesu horren inguruan hitz egin dugu Michela Lamedica Lispi eta Nagore Goñi Arana, Juntura Kooperatibako kideekin.

 


 

Lehenik eta behin, kontaiguzue prozesu hau nola abiatu zen. Zergatik eta zein beharretatik sortu zen halako barne-prozesu bat egitea?

Michela: Guk ez genekien halako prozesuak existitzen zirenik. Larrutik Interkooperazio Feminista sarean egoteari esker deskubritu genuen zuek halakoak egiten zenituztela, eta esan genuen: “Hau da behar duguna!”

Nagore: Momentu oso zailak bizi genituen garai hartan. Tentsio handiak zeuden taldean, zaila egiten zitzaigulako elkarren arteko oreka aurkitzea. Junturaren proiektua aurrera ateratzeko, engranaje eta ekipo gisa denok eroso egotea ezinbestekoa zen.

Michela: Gainera, Juntura formalki sortu genuenean, maila pertsonalean ere bizipen gogorrak izan genituen kide batzuek, eta horrek eragin handia izan zuen kooperatibaren barruan gertatzen ari zen guztian.

 

Eta zergatik erabaki zenuten Farapirekin abiatzea prozesu hori?

Michela: Alde batetik, gatazka batzuetaz hitz egiteko kanpo-figura bat behar genuen eta, bestetik, bagenekien lan egiteko modu eta egitura oso sendo bat zuela Farapik. Larrutiken zuen lan egiteko modua partekatu zenutenean, iruditu zitzaigun asko ikas genezakeela zuengandik.

Larrutik sarean egoteak lan egiteko modu berriak ezagutzeko aukera eman dio Junturari.

 

Nola gogoratzen duzue prozesuaren hasiera?

Nagore: Lehen urte hartatik, gehien gogoratzen dudana da Junturaren ibilbidearen errepasoa egin genuela. Ariketa horrek asko lagundu zigun ikuspegi orokorra izateko eta identifikatzeko zein faktorek eragin zuten bizitzen ari ginen momentu horretan. Hau da: zer gertatu zen ordura arte eta nola iritsi ginen puntu horretara.

Michela: Bai, lehenengo urtean motxila handi batekin iritsi ginen. Oso garrantzitsua izan zen espazio bat izatea modu aske baina errespetuzkoan elkarri esan ahal izateko kapazak ez ginen gauza horiek. Saio bakoitzetik ateratzen ginen motxila pixka bat arinduarekin.

 

“Farapirekin prozesua hasi genuenean, motxila handi batekin iritsi ginen, eta saio bakoitzean pixkanaka arintzen joan ginen”.

 

Ondoren, identifikatutako erronka horiei aurre egiteko tresnak edo mekanismoak sortzen hasi zineten. Nolakoa izan zen prozesu hori?

Michela: Lan egiteko moduan inertzia batzuk genituen, eta autoblokeoak eta autoboikotak sortzen zizkiguten. Oso exigentzia maila altua genuen; ziurrenik arkitekturako karrerak ekarritako joera batzuk ere baziren.

Nagore: Ikuspegi ezberdinak landu genituen: nola heltzen genion lanari, taldean genituen exigentzia maila ezberdinak lanarekiko… Horren aurrean zer egin aztertu genuen. Hausnarketa horrek balio izan zuen lan egiteko moduaren inguruko oinarri amankomun batzuk adosteko.

Michela: Gogoratzen dut askotan Nicok eta Leirek galdetzen zigutela: “Eta hau nola erabakitzen duzue?” Eta erantzuna beti zen: “Esertzen gara eta lau orduz eztabaidatzen dugu…” [barreak]. Ez dago tresna perfekturik, baina irizpide minimo batzuk adostea garrantzitsua da, norberaren joeretan ez erortzeko. Bestela, orduak pasa genitzake eztabaidatzen. Adibidez, lehen lan bat hartu edo ez erabakitzen genuen “vibraren” arabera. Farapirekin batera sortutako tresna berriei esker, bilerak askoz eraginkorragoak dira eta lana errazten dute.

Nagore: Bai, iristen zaizkigun proiektu berriak baloratzeko tresnak, adibidez, aukera ematen digu bakoitzak bileraren aurretik bere ikuspegia lantzeko eta aztertzeko. Tresna horrek informazio eta datu zehatzak jasotzen ditu, eta horrekin kontrastatu ditzakezu zure sentsazioak. Han konturatzen zara gauza batzuk emozio hutsetik justifikatzen ari ote zaren.

Michela: Lan-aukera berri bat baloratzeko tresna, hasieran, oso arrotza egin zitzaigun. Adostutako irizpide bakoitzari puntuazio bat ematea zaila egiten zitzaidan. Ondoren, zentzua hartu nion. Ni, adibidez, animatu bat naiz, eta lan gehienak onartuko nituzke.  Tresnak lagundu dit konturatzen badaudela kontuan hartu beharreko irizpide kritikoak, motibazioaz harago. Nahiz eta bakoitzak puntuazio ezberdinak eman irizpide bakoitzari, tresnak pentsarazten zaitu, eta hori da garrantzitsuena.

Nagore: Tresna ez genuenean, polarizazioa sortzen zen talde eztabaidetan. Lan berri bat onartzeko ala ez onartzeko, muturrera eramaten genituen gure ikuspegiak, eta sutsu defendatzen genuen baiezkoa ala ezezkoa, ñabardura gehiegirik gabe. Orain, proiektu bakoitzaren alde on eta txarrak aztertzen ditugu, eta horrek oreka ematen dio taldeari.

 

 

Duela hiru urte, lan egiteko modua eraldatzeko erronkari heldu zion Juntura Kooperatibak.

Bizigarritasuna eta proiektuaren bideragarritasuna ere landu dituzue Farapirekin. Zer azpimarratuko zenukete horretaz?

Michela: Efizientziarekin gabezia handia genuen. Defizitarioak ziren proiektuetan efiziente izatea kostatzen zitzaigun. Bezeroen diruarekiko errespetu handia geneukan, baina gure ekonomia propioari ez genion inolako errespeturik. Ez ginen horretaz kontziente, eta hori lantzea oso ariketa potentea izan zen. Zenbakiak mahai gainean ikusi genituenean, harrituta geratu ginen. Esaterako, proiektu batek uste baino lan gehiago eskatzen bazuen, lotsa ematen zigun bezeroari esatea lana garestituko zela. Orain hori egiten ikasi dugu, eta zuei esker izan da.

Nagore: Farapirekin egindako prozesuaz gain, horretan asko lagundu zigun ere Larrutiken egoteak. Ikasi genuen bazeudela gauzak egiteko beste modu batzuk, eta beste kooperatiba batzuek muga eta baldintza gehiago jartzen zituztela kideen eta taldearen ongizatea eta proiektua bera zaintzeko.

Michela: Hala ere, konturatu gara Larrutiken dauden kooperatiba gehienen esparruetan lobby bat sortuta dagoela jada, bizigarritasuna eta bideragarritasuna zaintzeko. Arkitekturaren munduan, ordea, ez da horrela. Han lehia handia dago, eta beti agertzen da zure aurrekontuaren erdia eskainiko duen norbait. Gure esparruan halako lobby bat izango bagenu, errazagoa litzateke mugak jartzea. Horrek kezka sortzen dizu, ez duzulako lanik gabe geratu nahi lehia horrengatik. Gainera, arkitekturaren esparrua oso hierarkikoa da, eta autoesplotazioaren erromantizazioa oso presente dago. Karreran ikasten dugu, eta gero zuzenean lan esparrura eramaten dugu.

Nagore: Baina guk erabaki dezakegu zertan lan egin nahi dugun eta zertan ez, zer den ona taldearentzat eta kooperatibarentzat eta zer ez… Arkitekturan hori gaur egun pentsaezina bada ere. Horregatik da garrantzitsua bestelako ereduak sortzea eta lan egiteko beste modu batzuk planteatzea. Guretzat oso garrantzitsua da arkitekturaren barruan bestelako enpresak sortzea, bestela ez baita ezer aldatuko. Azken finean, frogatu nahi dugu arkitektura egiteko beste modu batzuk badaudela.

 

“Arkitekturaren munduan autoesplotazioa asko erromantizatzen da. Horregatik, frogatu nahi dugu arkitektura egiteko beste modu batzuk badaudela”.

 

Horretaz guztiaz gain, partaidetzari buruzko hausnarketa ere egin dugu elkarrekin.

Nagore: Bai, hala da. Ikusten genuen oinarri batzuk falta zitzaizkigula; ez horrenbeste partaidetzaren teoriaren inguruan, baizik eta gure partaidetzaren ikuspegiaren inguruan. Gero eta parte-hartze prozesu gehiago egiten ditugu, eta ohartu ginen ez genituela amankomuneko oinarriak zehaztuta: Zer da partaidetza Junturarentzat? Zer bermatu beharko genuke gure partaidetza prozesuetan?

Michela: Inpostore sindrome puntu bat ere bazegoen, egia esan.

Nagore: Bai, egia da. Dena den, Farapirekin egindako saioetan elementu amankomun batzuk identifikatu ditugu, eta hausnarketa horri tokia eman diogu gure egunerokoan. Partaidetzan trebatu baino, gure partaidetza eredua adostu behar genuen.

 

Proiektu askotan arkitektura eta partaidetza uztartzen ditu Junturak. | Argazkia: Oñatiko Emakumion Etxia

 

Elkarlanean egin dugun prozesu guzti honetatik, ba al dago egunerokotasunean buruan duzuen ezer?

Michela: Nik, behintzat, egunean behin entzuten dut “nahikotasuna” hitza; nik esaten dudalako edo taldeko beste kide batek. Arazo handia genuen autoexigentziarekin eta baita besteenganako exigentziarekin ere. Lehen antzeko kontzeptu bat erabiltzen genuen, soziokraziatik hartutakoa: “Horrekin bizi naiteke”. Baina esaldi horretan errenuntzia bat zegoen. Nahikotasunean, ordea, ez dago errenuntziarik: dena besarkatzen dugu, dena onartzen dugu.

Nagore: Ados nago, bai. Nik ere azpimarratuko nuke elkarlanerako ordena lortu dugula. Engranajearen oinarriak jarri ditugu eta antolakuntza bat lortu dugu, bere aukera eta mugekin. Nik lehen kaosarekin lotzen nuen gure funtzionatzeko modua, ez genuelako lanerako irizpiderik. Orain, badugu antolakuntza bat, eta horrek ahalbidetzen du gauzek arintasuna izatea. Lehen tentsio asko genituen, eta orain taldean eta proiektuan askoz ere lasaitasun handiagoa sentitzen dut.

 

Bide honetan, zertan ari zarete orain? Ba al duzue erronka berririk buruan hurrengo urteetarako?

Nagore: Farapirekin egindako saioen ondoren, elkarrizketa ugari izan ditugu taldean, eta bide berriak esploratzen hasi gara gure kabuz. Orain arte egindako prozesuak asko lagundu digu proiektuan egiteko modu berriak barneratzen eta presente izaten. Gainera, bide berriak ireki ditugu, beste aholkularitza batzuekin ere lanketak egiteko. Aurten, adibidez, Haragorekin komunikazioa landu dugu, eta gure kabuz egindako barne-lanketetan ikusten ditugun ataskoak Farapirekin lantzea da asmoa.

Michela: Prozesu osoa, lanketa izateaz gain, talde-terapia ere izan da guretzat. Lortuko bagenu fleko batzuk ixtea, nahiz eta dena ez konpondu, ondo etorriko litzaiguke deskantsu bat. Denbora asko daramagu barrura begira, eta orain gustatuko litzaiguke atseden hartzea eta gozatzea egin dugun guztia. Eta, noski, ikasitakoa praktikan jartzea.

Nagore: Erabat, bai. Denbora behar dugu hori guztia asentatzeko eta barneratzeko gure egiteko moduetan. Noski, jarraituko dugu izaten erresolbitu beharreko gauzak, baina beti egongo dira horiek. Ni orain oso lasai nago eta oso lasai ikusten dut taldea. Lehen beharra genuen identifikatutako edozein arazori lehenbailehen heltzeko. Orain, ordea, erlaxatuagoak gaude, erlatibizatzeko kapazak gara, eta bakoitzari bere momentua emateko, lasaitasunetik eta ez urgentziatik.

 

“Denbora asko daramagu barrura begira, eta orain gustatuko litzaiguke atseden hartzea eta gozatzea egin dugun guztia”.

Zertan ari da Juntura?

Legazpiko Latxartegi parkea

Legazpin, espazio publikoa komunitatearen erdigune bilakatzeko proiektua abiatu dute: Latxartegi parke-plaza berria biziberritzea. Juntura kooperatibak parte hartze prozesua gidatu du, agente ezberdinekin elkarlanean, komunitatearen behar eta nahiak identifikatzeko eta diseinu-irizpideak finkatzeko.

Orain, proiektuaren gauzatze-fasean ari dira, ingeniaritza enpresa batekin elkarlanean, eta honakoa da haien erronka nagusia: erabilera anitzeko ekipamendu publiko ugari daude inguruan, eta plaza honek guztientzako aproposa izan behar du. Helburua da elkarbizitzarako espazio publikoa sortzea, eskubide gisa ulertzen dena, eta ahalik eta behar anitzen estaldura eskaintzea.

Giza-harremanetarako espazio bilakatzeaz gain, proiektuan jasangarritasun-irizpideak aplikatzen ari dira, espazioak bero-irla bihurtzea saihesteko eta pertsonen ongizatea bermatzeko. Genero ikuspegia ere gauzatze horren ardatz garrantzitsua izango da.

Oiartzungo liburutegia

Liburutegiaren eredua zaharkituta dagoela identifikatu zuen Oiartzungo Udalak, eta gaur egungo erabilera beharretara egokitu behar dela.

Hori dela eta, Juntura kooperatibak parte-hartze prozesua diseinatu eta gidatu du, herritarren ametsak eraikinean espazialki nola antolatu ikusteko. Prozesuan hainbat eragilek parte hartu dute, tartean AISEk, Ku-ku Haur eta Gazte Literatur Ekimenak eta Udalak. Proiektu horrek ia urtebete iraun du, eta ez da soilik iritziak jasotzeko prozesua izan; parte-hartzaileek hausnarketa kolektibo bat egin dute, beren praktikei eta lehentasunei buruz, eta horrek ahalduntze esperientzia bihurtu du.

Liburutegiaren eraberritze proiektua beraz, ez da soilik espazio fisiko bat berrikustea; herritarrek elkarrekin diseinatutako espazio bat bihurtzen ari da, komunitatearen beharrak eta etorkizuneko erabilerak kontuan hartzen dituena.

Junturaren lana hobeto ezagutzeko: www.juntura.eus

Proiektuetako argazkiak: Legazpiko eta Oiartzungo Udalak.