Irakurri hemen jatorrizko albistea ingelesez.
Etxebizitza bat birgaitzea ez da erabaki tekniko edo ekonomiko hutsa. Pertsonen lehentasunek, ezagutzek, kezkek, itxaropenek eta eguneroko bizimoduek baldintzatutako prozesua da. Hori guztia kontuan hartzea bereziki garrantzitsua da erabakietan hainbat etxebizitzak parte hartzen dutenean, familia anitzeko eraikinetan, esaterako; izan ere, ikuspegi eta interes desberdinak bateratu behar dira.
Hori dela eta, RenoVisor proiektu europarrean tresnen diseinu-prozesu osoan zehar txertatu dugu partaidetza ikuspegia.
Zergatik da garrantzitsua ko-sorkuntza?
RenoVisorren helburua herritarrei eta beste eragile batzuei eraikinen birgaitzeari eta energia-eraginkortasunari buruzko erabaki informatuak hartzen laguntzea da. Horretarako, tresnek, teknikoki egin daitekeenaz gain, birgaitzeari buruzko erabaki baten aurrean dauden pertsonek benetan behar dutena ere islatu behar dute.
Ko-sorkuntzak ezagutza mota desberdinak biltzeko aukera ematen digu: ezagutza tekniko eta zientifikoa, esperientzia profesionala, tokiko ezagutza eta erabiltzaile izan daitezkeen pertsonen bizipenak eta ikuspegiak.
Horri esker, garapen tekniko hutsaren bidez erantzun ezin diren galderak egin ditzakegu:
- Zer informazio behar dute pertsonek birgaitzeari buruzko erabaki bat segurtasunez hartzeko?
- Birgaitzearen zer alderdi dira garrantzitsuenak etxe bakoitzarentzat?
- Nola aurkez daiteke informazio konplexua modu ulergarri eta erabilgarrian?
- Zer oztopok eragotz dezakete pertsonek tresna erabiltzea?
- Nola lagun dezakete tresna digitalek birgaitze-prozesuetako eztabaidan eta erabakiak hartzeko prozesuan?
Prozesu osoan eragile interesdunak inplikatuz, behar horiek hasieratik identifika ditzakegu, eta tresnen diseinuan txertatu.
Ideietatik prototipoetara: elkarrekin sortzeko gure ikuspegia
RenoVisorrek elkarrekin sortzeko prozesu iteratibo eta maila anitzekoa jarraitzen du.
Lehenik, proiektuaren partzuergoaren barruan egiten dugu lan. Hainbat arlotako adituen ezagutza bateratzen dugu, oztopo nagusiak, erabiltzaileen beharrak, erabiltzaile-profilak, erabilera-kasuak eta balizko funtzionalitateak identifikatzeko. Ondoren, eztabaida horiek lan-fluxu, pantaila eta lehen prototipo bihurtzen dira.
Baina elkarrekin sortzea ez da proiektu-taldearen barruan amaitzen. Kanpoko adituak, eragile interesdunak eta balizko erabiltzaileak tailerretan parte hartzera gonbidatzen ditugu, garatutako proposamenak probatu eta zalantzan jar ditzaten. Haien ekarpenei esker, zer dabilen ondo, zer falta den eta zer aldatu behar den identifika dezakegu.
Gainera, tailerrek testuinguruari buruzko informazioa ematen digute, elkarrekin sortzeko saioak proiektuaren hiru lurralde pilotuetan egiten baitira: Euskal Herrian, Herbehereetan eta Irlandan.
Beraz, prozesua ez da lineala. Ideiak garatu, probatu, zalantzan jarri eta hobetu egiten dira, hainbat iterazioren bidez. Gainera, tresna bakoitzak bere elkarrekin sortzeko prozesua behar du.
Partaidetzatik tresna hobeetara
RenoVisorren oinarrizko printzipioetako bat da partaidetzak diseinuan benetako eragina izan behar duela. Horregatik, parte-hartzaileen ekarpenak diseinu-baldintza eta funtzionalitate bihurtzen dira, eta, ondoren, kanpoko eragileekin eta balizko erabiltzaileekin probatzen dira.
Elkarrekin sortzeak ez du esan nahi proposamen guztiak ezarri daitezkeenik edo ezarri behar direnik. Aitzitik, erabiltzaileen beharrak ulertzeko, interes-gatazkak eta desadostasunak identifikatzeko eta diseinuari buruzko erabakiak informazio hobearekin hartzeko modu antolatua eskaintzen du.
Prozesu horren bidez, partaidetza RenoVisorren tresnen egokitasuna, erabilgarritasuna eta fidagarritasuna hobetzeko bide bihurtzen da. Aldi berean, tresnak azken batean erabiliko dituzten pertsonak garapen-prozesu osoan kontuan hartzen direla bermatzen da.
Guretzat, elkarrekin sortzea ez da tresna bat diseinatzeko metodo hutsa. Birgaitzeari buruzko erabakiak pertsonengan eta haien beharretan oinarrituago hartzeko modu bat da.





Proiektuan bidelagun ditugun entitateak: Forschungszentrum Jülich, Bauhaus Earth, Climate Media Factory, Universidad de Deusto, Universidad Pontificia Comillas ICAI-ICADE, DEN Design Entrepreneurship Institute, FEBEA – European Federation of Ethical and Alternative Banks and Financiers, Ecovision, GoiEner, Energie Samen eta Energie van Rotterdam.
HORIZON EUROPE – Klima, Energia eta Mugikortasuna programaren baitan finantzatutako proiektua.


