Sistema kapitalista eremu publiko eta pribatuen banaketan oinarritzen da. Horrek esan nahi du langileok behartuta gaudela enplegua bizitzaren beste edozein alderdiren aurretik jartzera, gure eguneroko zereginak planifikatuz eta egituratuz ideia honen arabera: zaintza lanek (eremu pribatuari atxikiak) ezin dutela lan-eremua inbaditu. Kasu askotan, lehenespen hori egin behar izateak behartzen gaitu kontratu-lanaldia gainditzen duen eskuragarritasuna izatera.

2019an, Farapi Kooperatibatik erabaki genuen gure lan egiteko modua eraldatu nahi genuela, gure ideologiarekin bat zetorren egitura bat sortzeko: gerentzia zuen kooperatiba izatetik hierarkizatu gabeko kooperatiba izatera igaro ginen, lantaldeetan antolatuz. Orduz geroztik, eredu bizigarri baten alde ari gara lanean, pertsonen eta taldearen ongizatea erdigunean jartzeko, proiektuaren bideragarritasuna eta gure ingurunean sortzen duen eragina kontuan hartuta.

Ekonomia feministak eskaintzen duen markoa funtsezkoa izan da lan-eredu berri hori bultzatzeko. Hori praktikan jartzeko eta gure errealitatean aplikatzeko, gure lana egituratzen duten hainbat dimentsio adostu ditugu. Halaber, dimentsio horiek praktikan jartzen lagunduko diguten prozesuak eta tresnak sortu ditugu.

Ekonomia feministak eskaintzen duen markoa funtsezkoa izan da gure lan-eredua bultzatzeko. Hori praktikan jartzeko eta gure errealitatean aplikatzeko, gure lana egituratzen duten hainbat dimentsio adostu ditugu.

Dimentsioak

Zaintza

Zaintzaz ari garenean, ongizate emozionalaz eta fisikoaz ari gara, zaindua eta zaintzaile den subjektu bat behar duena (subjektua bost esfera hauetatik ulertuta: pertsona, taldea, proiektua, inguru soziala eta inguru naturala).

Denboraren kudeaketa

“Langile idealaren” eredua zalantzan jartzen dugu, eta enpleguaren eta arlo pertsonalaren arteko interdependentzia aitortzen duen denbora-kudeaketa egiten dugu. Pertsonen, taldearen, proiektuaren eta inguru sozial eta naturalaren interesak eta beharak orekatzen saiatzen gara.

Ahalduntzea

Kolektibotasunarekin lotura estua du, pertsonen, taldearen, proiektuaren eta inguru sozial eta naturalaren artikulaziotik.

Botere harremanak

Horizontaltasunetik aztertzen botere-harremanak, erabakiak hartzerakoan desberdinkeriak eta hierarkiak ekidinez.

Ikaskuntza

Aldaketa-prozesu kontziente batek baldintza zehatzak ezartzea eskatzen du, ikaskuntza gure eraikuntzaren oinarri nagusietako bat izan dadin.

Aldaketarako begirada irekia

Geldiarazten gaituzten herentzia sozialik eta propiorik gabeko proiektu baten alde egiten dugu. Bilakaera eta aldaketa ezinbestekoak dira inertziak hausteko.

Koherentzia

Uste dugu praktikaren eta teoriaren arteko koherentzia funtsezko balioa eta baldintza dela gure proiekturako. Ez dugu beti nahi genukeen koherentzia guztia lortzen, baina gure DNAren parte da hori etengabe bilatzea.

Tresnak

Gure tresna gehienak ‘Bizi on’ lan-taldetik garatu ditugu. Talde hori arduratzen da kooperatibaren eguneroko funtzionamenduan zaintza txertatzeaz eta bost esferen (pertsona, taldea, proiektua, ingurune soziala eta ingurune naturala) arteko oreka bermatzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteaz.

AURREIKUSPENAK ETA ORDUEN JARRAIPENAK

Kalkulu orrietan eta Acces programaren bidez egindako tresna-sorta da. Tresna horiek taldearen lan-kargak erakusten dituzte eta proiektuak egiteko dugun eskuragarritasuna baloratzen laguntzen digute. Ez dira lan-jarduna kontrolatzeko erabiltzen, gure lan-kargen aurrean ongizatea bermatzeko baizik.

BIZIPENA ETA LANA

Asteroko talde-bileretan, pertsonalki nola gauden eta lanarekin zer moduz gabiltzan azaltzen dugu erronda batean. Horrela, lan-kargak berrantolatzen ditugu, pertsonen eta taldearen ongizatea ziurtatzeko.

ZAINTZA ESPAZIOA

Bi hilean behin antolatutako espazioa da, eta kanpo-dinamizazioarekin egiten dugu. Farapin egiten dugun lanaren eta egunerokoan sortzen diren talde-dinamiken dimentsio emozionalenak eta erlazionalenak jorratzen ditugu bertan.

BANAKAKO ELKARRIZKETAK

Gure egituran integratutako espazioak dira, kooperatiban zaintza esplizituki txertatzea bilatzen duena. Urtean bitan, banakako elkarrizketak egiten ditugu taldearen eta proiektuaren ongizateari buruz, eta gure dimentsioei lotutako banakako edota taldeko beharrak eta nahiak aztertzen ditugu.

PROIEKTUAK AUKERATZEKO TRESNA

Kalkulu orri bat da, Farapira iristen diren lankidetza-proposamenak baloratzeko hainbat irizpide batzen dituena. Inkoherentziak detektatzeko aukera ematen digu, honako elementu hauek kontuan hartuta: bideragarritasuna, motibazioa, kontziliazioa, bizigarritasuna, etab.

PROIEKTUAK EBALUATZEKO TRESNAK

Proiektu bat amaitu ondoren, horren balorazioa egiteko eskema bat jarraitzen saiatzen gara, honako asmo hauekin: ebaluazio-irizpideak harmonizatzea, talde-lana eta zehaztutako rolak ebaluatzea, eta ikaskuntzak ateratzea.

6+1(+1) LANALDIA

Gaur egun honakoa da gure lanaldi osoaren egitura: egunean 6 ordu dihardugu kooperatibaren lan produktibo eta erreproduktiboan; ordubete dugu atsedenerako eta talde-kohesiorako; eta beste ordu bat libre utzi dugu bakoitzaren bizitza pertsonal, sozial eta politikorako.

HILEROKO JARRAIPEN TXOSTENAK

Hilero txosten ekonomiko bat egiten du Finantza lan-taldeak. Bertan, datu ekonomikoak berrikusteaz gain, erabilera-balioaren eta kooperatibaren aldaketa-balioaren arteko orekaren jarraipena egiten da. Txosten horrek alor ekonomikoaren ardura partekatzen eta talde osoak horren kontzientzia hartzen laguntzen du.

Bizigarritasuna beste erakunde eta enpresetan

Nola ulertzen du bizigarritasuna talde bakoitzak? Zein elementu barneratzen ditu eta nola gauzatzen da gure egunerokoan? Bizigarritasunaren gaineko hausnarketatik abiatuta, identifikatutako alorretan eragiteko lan-molde eta tresnak elkarrekin diseinatu eta entitateetan integratzeko prozesuak egiten ditugu.

Juntura Kooperatiba

Planteamendu estrategiko, integral eta kolektiboa eraikitzeko prozesua.

Artaziakoop

Bizigarritasuna lan eta kooperatibaren dinamikan txertatzeko prozesua.

Bira Produkzioak

Barne-egituran eta antolaketan bizigarritasuna eta bideragarritasuna uztartzeko prozesua.

Zure erakunde edo kooperatiba bizigarriagoa izatea nahi duzu?

Prozesu bakoitza entitatearen errealitate eta beharretara egokitzen dugu. Beraz, jarri gurekin harremanetan eta zuenera egokitutako ibilbide-orri bat diseinatuko dugu.

Hasteko, lan-taldearen partaidetzarekin, definituko dugu nola ulertzen dugun bizigarritasuna eta nola gauzatzen den entitatearen egunerokoan. Hortik abiatuta, elkarrekin tresnak eta mekanismoak diseinatuko ditugu  zuen lan-eredua bizigarriagoa bihurtzeko.